XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badago gure artean oilarra sorginkeriarekin batera elkartzen dituen zenbait sineskera, abesti, kopla zahar eta esaera.

Ez dago nire esku deabruaren zeinu ote den erabakitzea, edo sorgin-lamien ezintasunarena ote den.

Baina orain aurkezten ari naizen etxe-metaforarekin zerikusitxoren bat ba ote dueneko susmoa hartua nago.

Etxe barneko egunerokotasuna kolokan jarri nahi duen egoeratan azaltzen bait da oilarraren irudia sorginkeriari lotuta; esate baterako: etxeko gau-pakea bat-batean hautsiaz azaltzen zaigu oilarra, desgaraiz, luzeegi edo desohiz kukurruku egiten; etxeko inor denbora luzegitxoan ohean gaisorik datzanean; oiloak berak oilar-papera bereganatzen duenean; gauezko ibilerak eta joan-etorri izkutuak gertatzen direnean.

Hitz batetan, oilarrak sorgin-buru egiterakoan, etxeko lege eta oreka lurjota edo arriskuan baleude bezala ikusten dira.

Hara hemen etxebarneko zenbait zorigaiztoko desoreka eta sorgin-agerpen: a) Oilarrak gauez zazpi kukurruku jo ezkero, etxean norbait hilko deneko zantzua omen da, esaten digute Azkuek (19,108) eta Barandiaranek (21,II,361).

Gau beranduan kantatzen ari bada, sorginak edota belagileak deitzen ari dituzu.

Gauerdi inguruko kukurrukuak sorginen hurrentasuna ematen omen du aditzera, arimak deika datozkizula-edo, etxeko norbait arriskuan dagoela-edo, lapurretan dauzkazula etxean-edo, etab.